XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hona hemen Latxagak Frantsesez argitaratu duen beste tesi bat, zientzi sozialetan Doktore titulua lortzeko egina, 1978. urtean, Parisko Ecole Pratique des Hautes Etudes en Sciences Socialesenean, François Isambert zuzendari zela.

Liburuaren izenburuak diona egia da: euskarazko liturgiarekin II Vaticano ondoko urteotan gertatu dena exenplu eta eredugarri dela, edo nabarmengarri behintzat.

Munduan ia 3.000 hizkuntza izanik, Kontzilioko liturgi berria 205 hizkuntzetara itzulia izan da (1966. urtean) eta hoietatik bat euskara dugu.

Honek asko esan nahi du Euskal Herriaren eta Euskal Elizaren onez.

Lan honen sarrera oso atsegina da irakurtzeko, egileak zenbait dato eta argitasun jakingarri ematen bait ditu Euskal Herriko giza geografia, historia, hizkuntza, kultura eta Elizari buruz, gaiaren inguru bezala.

Liburuak 7 atal ditu.

Eta hoietatik lehenengoa eta bosgarrenean Liturgi liburuak euskaratzearen historia azaltzen da, urratsez urrats.

Hona garrantzitsuenak: elizbarruti bakoitzean lehen ekinaldiak, lehenengo lanaldia 1964-1967, bigarren lanaldia 1968-1974, euskaratzaile taldeak, Orduen liturgia euskaratzea...

Atal hauetan eta liburuaren azkenaldeko eranskinetan eta Bibliografian egileak mila dato, gertakizun, oroipen, argibide, dokumentu eta agiri jaso eta bildu dizkigu, gai hau aztertu eta sakondu nahi duen guziarentzat balio haundiko laguntza.

Hontan ageri da nabarmenki Latxaga historigile eta zientifikatuaren esku arretatsu eta fina.

Hor ikusten da ere euskaldunok Liturgia euskaratzeari eman diogun leku eta garrantzia ez dela nolanahikoa izan.

Irugarren atalean, euskarazko liturgi berri horren inguruan sortu ziren irizpide, arazo eta eztabaidak aztertzen ditu Latxagak, zehatz eta egoki.

Arazo hoietako bat, eta behar bada nagusiena, euskararen batasuna izan zen, baina laister aurkitu zen aurrera bide bat, eta ordurako ez hain okerra.

Burruka, zailtasun eta eztabaida gogorragoak sortuko ziren, beti euskal liturgiaren barrutian, 1968. urtetik aurrera, Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean euskararen batasunari buruz hartu zituen argibide edo erabakien ondoren.

Laugarren atalean aztertzen du puntu hau Latxagak, eta baita ere liburuaren bukaerako konklusioetan (ikus 240-248).

Egia esan ez da erreza horrelako gai bat, oraindik buztanka ari dena, objetibuki eta neutraltasun egoki batez erabiltzea.

Bakoitzak izan ohi ditu bere iritzi eta joerak, eta eskubide osoz gainera, eta hemen ere ikusten da Latxagaren iritzia ze aldetara datorren, oposizioaren aldera alegia.

Horregatik gai honek eta atal honek, nire ustez, eztabaidagarri jarraituko du gure artean.